XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kontrolgunea

KOLDO Mitxelena erakusketa aretoan kokatu dute kontrolgunea.

Control Zone (Kontrolgunea) bideo bat da, Willie Doherty-k erakusketa honetarako egina.

Autoen joan-etorria erakusten digu, gauez zubi batean, 30 minutuz.

Kamera geldirik dago; irudia zabarra da, soinua; zarata urrun bat. Zaintzarako kamera bat da. Zelataria.

Zubia Derryn dago, eremu katolikoaren eta protestantearen arteko muga egiten duen Foyle ibaiaren gainean.

1968an, bertan isuritako odolak leku seinalatua bihurtu zuen.

Geroztik, armada britainiarrak maiz erabili izan du kontrol eta zaintzarako.

Hala ere, bideoak ez du zubia berezia denik adierazten. Doherty-ren lanak ez dira adierazpenak; izan, arazoguneak dira.

Derry

Irlandarrek badakite, eta guk badakigu Kontrolgune-koak ez direla trafikoa kontrolatzeko irudiak.

Oihartzun berezia sortzen dute gurean Dohertyk Koldo Mitxelena kulturuneko erakusketara ekarri dituen hamar horma-argazki eta zazpi bideoek.

Guztien sustraien, krimenaren susmoa dago.

Gertatu den, gertatuko den, etengabe gerta litekeen bortxakeriaren dokumentuak dira.

Lan horien egileak badaki, eta Euskal Herrian ikusleak ere badaki, inor ordu txikitan ate joka datorkionean, ez dela esne saltzailea.

Ez da ederraz mintzo, ez da eder mintzo. Dohertyrena, bizitza susmotan eta zelatan bizitzera kondenatutako baten lana da. Irlandarra da. Derry- koa.

Hondakinak

Irudiak biluzik daude, edertasunik gabe eta argibiderik gabe.

Horrexek egiten ditu izugarri.

Ez dira lekuak identifikatzen, ez pertsonak, ez ekintzak, arrazoiak edo xedeak.

Bortxa-eremuak erakusten dizkigu, bortxa hori gertatua ala gertakizun izan.

Argibiderik gabe, agiririk gabe, aldarririk gabe, komentariorik gabe, irudiei zentzurik eman ezinik uzten gaitu.

Jarrerarik hartu ezinik Iñigo Aranbarriren poema garratz bat etorri zaizkit gogora: zer lur den hau galdetzeke bizi nahi dut hemen.

Ez galdetu, Iñigo. Lur horrek Dohertyk gurearen ispilurako Donostiako KM-n erakutsi digunak ez dik eta izenik.

Fabrika eroriak, sasiak jaten hasitako zelaiak, etxe zartatuak, kale txikituak.

Ez izenik dute, ez izanik, desleku dira eta deserri.

Ibili ezin diren bideak bideen hondakin dira.

Bizi ezin litezkeen lekuak, lekuen hondakin dira. Eta bizi ezin daitezkeen bizitzak?

At the end of the day

Dohertyren lanetan, denbora lelo bat da, errepikapen etsia.

Haren bideoak hasiera ezagunik eta amaiera ulergarririk gabeko zatiak dira. Narrazioen hondakinak.

Telebistak, prentsak, orohar irudizko narrazioek erakusten duten gerraz eta batez ere, egin egiten duten gerraz arduratzen da Doherty. Horregatik erazten ditu irudiak hitzez eta argibidez.

Deserosoa da. Zaintza-kameraren irudiei begira egon zara, ez da ezer gertatzen, ez da ezer gertatuko. Zergatik, nork uzten dizu irudiok ikusten? Zelatan zu zaude. Noren zelatan eta zertarako? Atentatu bat egiteko? Atentatuak atentatuz ekiditeko? Nor duzu arerio?

Zeure burua akaso, autoan etxera zoazela, egunaren amaieran.